Eusko Jaurlaritzako diru-laguntzak

Babesten diren jarduketen helburua honako hau da: nagusiki bizitegitarako erabiltzen diren eraikinen eta horien elementu pribatiboen kontserbazioa, kalitatea, irisgarritasuna eta iraunkortasuna hobetzea, energia-eraginkortasuna barne. 

Obrak ezingo dira hasi laguntzak eskatu aurretik.

Birgaitzeko jarduketen titular eta finantza-neurrien onuradun izango dira pertsona fisiko edo juridikoak, pribatuak edo publikoak, ondasun-erkidegoak edo bestelako unitate ekonomiko edo ondare bereiziak, baldin eta, nortasun juridikorik izan ez arren, jabeak, errentariak, gozamendunak, eskubide errealen titularrak edo birgaitu beharreko eraikinaren elementu pribatiboak, etxebizitzak zein lokalak, erabiltzeko eta aprobetxatzeko legitimazioa ematen dien beste edozein eskubide badute.

Birgaitu beharreko eraikinak gutxienez 20 urteko antzinatasuna izan behar du, komunitate-obretan izan ezik, eraikinak larriak dituela egiaztatzen denean.

Egonkortasunari eta segurtasunari eragiten dieten kalteak, edo oztopo arkitektonikoak kentzeko lanak egiten direnean, eta eraikinean kokatutako etxebizitzetako bat gutxienez 65 urtetik gorako pertsonen edo mugikortasun murriztua edo sentsoriala duten desgaituen ohiko bizileku iraunkorra dela justifikatzen denean ere ez da antzinatasuna justifikatu beharko.

Komunitateko laguntzak jaso ahal izateko, EITn identifikatutako 1., 2. eta/edo 3. esku-hartze mailetako patologia guztiak zuzendu izana egiaztatu beharko da, baita dagokion Erabilera eta Mantentze Plana izatea ere.

Gutxieneko aurrekontu babesgarriak 3.000 eurotik gorakoa izan beharko du, irisgarritasuna sustatzeko obretarako izan ezik.

Diru-laguntzarik jaso dezaket?

Birgaitzearen titular edo titularkide diren pertsona fisikoek, Eusko Jaurlaritzak gutxienez sei urtez kudeatutako jenderik gabeko etxebizitzak erakartzeko programetan birgaitutako etxebizitza sartu behar dutenean izan ezik, urteko diru-sarrera haztatuek muga hauek gainditzen ez dituzten bizikidetza-unitateetako kide izan behar dute:

Mailegu kualifikatuak eskuratzeko, 39.000 euro.

Itzuli beharrik gabeko laguntzak eta mailegu kualifikatuen interes-puntuen sorospenak eskuratzeko, 25.000 euro.

Etxebizitzen edo lokalen pertsona edo erakunde titularrek, baldin eta 6.000 euroko edo gehiagoko laguntza ekonomikoak jaso badituzte arau honetan araututako interes-puntuen laguntza eta/edo sorospen gisa, irisgarritasuna sustatzeko diru-laguntzen lerro bereziari dagozkionak barne, ezin izango dute etxebizitza edo lokal horien inter vivos edo mortis causa beren borondatez eskualdatu 10 urteko epean, gauzatutako obraren ziurtagiritik zenbatzen hasita, jasotako legezko interesekin batera itzuli direla egiaztatu gabe. Zenbateko horretan ez dira sartzen jabeen komunitateari zuzenean emandako laguntzak.

NextGenerationEU