Atzo amaitu zen “Antolakuntza, Berrikuntza eta Dibertsifikazio” programa

2015/10/08

Atzo eman zitzaion itxiera “Antolakuntza, Berrikuntza eta Dibertsifikazio” programari. Apirila amaieran hasi zen programa eta guztira 5 enpresa txikik hartu dute parte 7 hilabete iraun duen proiektuan.

Helburu nagusia izan da enpresa-kudeaketako eta lan-antolaketarako forma berriei buruzko sentiberatasuna, zabalkundea eta aholkularitza sustatzea. Xede hori lortzeko, enpresa bakoitzak banakako saioak izan ditu aldaketaren kudeaketan aditua den aholkularitza batekin, eta hainbat saiotan enpresa guztiak bildu dira euren iritziak eta esperientziak partekatzeko.

Atzo izan zen azken saio bateratua; bertan enpresek orain arte jarraitutako prozesuaren inguruan hausnartu zuten, eta oso baliagarria izan zitzaiela adierazi zuten, eta argi dute aurrerantzean bide berean jarraitu nahi dutela.

Itxiera on bat emateko, gainera, eskualdeko enpresa ezagun baten bisita jaso zuten, LAZPIUR, S.A.rena, hain zuzen ere. Horrela, Miguel Lazpiur Zuzendari Orokorrak enpresaren bilakaeraren berri eman zien, enpresaren hastapenean, memento onetan eta krisi garaietan, etorkizuneko erronketan... sakondu zuelarik.

Guztiaren gainetik, enpresa kulturaren berri eman zien, eta hainbat izan ziren Miguelek azpimarratu zituen gauzak, horien artean, hauexek: batetik, enpresa batek eskatzen duen sakrifizioa adierazi zuen: “enpresa bat izatea oso lotua da eta horrekin bizi behar da, gau eta egun, astean zehar eta asteburuetan”; bestetik, pertsonen kudeaketaren garrantzia azpimarratu zuen: “guk ez ditugu langileak, pertsonak baizik”; eta, amaitzeko, gomendio baikor bat eman zien bertaratutakoei: “ez ahaztu, ez dago ezer ezinezkoa, oso txikia bada ere, beti dago aukeraren bat”.

Proiektua hainbat eragilek bultzatu dute: Debagoieneko Mankomunitateko Garapen Agentziak, Enpresare industria garapeneko foroak, Miguel Altuna Institutuak eta Bergarako Udalak.


Ekintza hau PO FSE 2007-2013 VALORA proiektuko egitasmo bat da.  Europako Gizarte Funtsak %50ean kofinantziatua

Actuación enmarcada dentro del Proyecto PO FSE 2007-2013 VALORA.
Cofinanciada al 50% por el Fondo Social Europeo.