Lorentxo
Lorentxo euskaraz ez dakiten umeei zuzendutako materiala da, bost eta zortzi urte bitartekoei, hain zuzen ere. Euskal Herriko eguneroko bizitzan murgiltzen hasteko oinarrizko laguntza da, egunerokotasunean laguntzeko tresna bat gehiago, alegia.
Material honetan hurbileko hiztegiak eta oinarrizko egiturek daukate garrantzia. Bost eta zortzi urteko umeak direla kontuan hartuta, adinak ere asko lagunduko die hizkuntzaren ikaskuntza prozesuan, eta inguruak laguntzen badu, integraziorako bidea are errazago izango da.
Bestalde, azpimarratzekoa da materiala hezitzailearen gidaritzapean erabiltzeko egina dela eta ez umeek euren kasa lantzeko. Helduen laguntza eta gidaritza, beraz, ezinbestekoak dira.
Erabilera gida honetan materialaren barruan zer aurki daitekeen azaltzen da: CDa, jolasak, eskulanak, fitxak eta abar. Horretaz gain, materialean jasotako ekintza bakoitzak bere prozedura dauka, nola eta zein hurrenkeratan egin behar den azaltzeko.
HELBURUAK
Helburuak ugariak izanik ere, hauek dira garrantzitsuenak:
- Euskara ahalik eta modurik ludikoenean ikastea.
- Euskararen aldeko jarrera bultzatzea.
- Hizkuntzaren alderdi soziokulturala lantzea:
- Euskal Herria ezagutzea.
- Euskal kulturara hurbiltzea.
- Talde lana bultzatzea.
- Oinarrizko arauak errespetatzen ikastea.
Material honen helburua Euskal Herriko ohiturak ezagutaraztea ere bada. Horrek ez du esan nahi hemengoak ez diren ohiturek lekurik izango ez dutenik, izan ere, berebiziko garrantzia dauka umeei tartea uzteak euren herrialdeetako ohiturak azal ditzaten. Umeek beti izango dute aukera euren ohiturak azaltzeko eta besteenak entzuteko.
NOLA ESKURATU LORENTXO
Material honetan interesik izanez gero jarri harremanetan Debagoieneko Mankomunitateko euskara zerbitzuarekin.